Zaintzeko arazoak Inprimatu
Las Cañas
 
Oro har eta labur esanda: eremua oso ahula da eta uraren kalitatearekin lotutako arazoak ditu, herritarrek erabiltzearen ondorio diren eraginak, espezieak kontrolik gabe sartu dira, eta inguruan dituen lur landuen eta industrialdeen presio handia.


Zenbait kontu teknikok eta kudeaketarekin lotutakok babestea zailtzen dute:

• Ikerketarik eta hezegunearen hainbat alderdiren jarraipenik ezak zaildu egiten du neur daitezkeen helburuak planteatu ahal izatea, eta bai arazo jakinei egokitzen ahal zaizkien kudeaketa neurri espezifikoak ere.

• Azken urteetan, nabarmen egin du atzera amiltxoriaren koloniak. Litekeena da atzeratze hori kolonia ezartzen zen zuhaitzen egoera txarraren ondorio izatea edo, gehieneko edukiera murriztu denez, uraren egoera hidrologiko berriaren ondorio izatea. Ondorioz, kumeak hazteko beste toki batzuk bilatu behar izan dituzte hegaztiek, besteak beste, lezkadiaren barneko aldea.

• Era berean, espezie murgilariek ere nabarmen egin dute behera azken urte hauetan, batez ere, murgilek, txilinportek eta, bereziki, ahate gorriztek. Hain zuzen, ahate gorriztak dira eremu honi lotutako espezie bereizgarrienetako bat. Badirudi karpen populazioak zerikusia duela arazo honetan, hondoan zeuden landare belardiei kalteak eragin baitizkiete eta horiek izaten baitira murgilari batzuen elikagai iturri nagusiak. Karpak kontrolatzeko arazoak daude.

• Uraren kudeaketa dela-eta, zenbaitetan gatazkak sortzen dira: ureztatzaileen elkartea da uraren jabe, baina ur horren kudeaketarekin lotutako gainerako alderdiak Nafarroako Gobernuari dagozkio. Hartara, eremua kudeatzen duen erakundeak ezin izaten du kontrolatu beti urtegia hustea.

Eta askoz ere agerikoagoak diren beste kontu batzuk:

• Urtegiaren inguruan industrialde ugari dago. Ez dakigu egiazki zer eragin duten Natur Erreserban, baina nabarmena da begi-inpaktua eta bai paisaian duten eragina ere.

• Herritarrek zonalde hori erabiltzeak ere baditu eraginak, eragin txikiak badira ere. Etxeko abereekin ibiltzea, ibilgailu motordunekin ibiltzea, eta zaborrak eta hondakinak botatzea dira ondorio horietako batzuk.