Erabilpen eta kudeaketarako plana Inprimatu
Debeku da Natur Erreserban arrantzan aritzea, kanaberaz ez bada, diketik aurrera.

Debeku da Natur Erreserban abereak sartzea.

Debeku da beste edozein probetxamendu Erreserbaren barruan.

Irakaskuntzako jarduerak hegazti behatokian eta horretarako egoki diren aldeetan egiten ahalko dira bakar-bakarrik.

Urtero ekinaldi bat antolatuko da ikastetxeetarako. Horietan El Bordón hegazti behatokiko langileek zuzenduko dituzte bisitak eta jarduerak. Ekinaldi horretatik kanpo dagoen edozein irakaskuntzako jarduerak espreski Nafarroako Gobernuko Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren baimena eduki beharko du.

Habitatak zaindu eta kudeatzeko plana.

Urtegiari eusteko eta uraren kalitateari atxiki eta hori hobetzeko, urtar hegaztiak, bai habiagileak, bai negutarrak, biltzeko garrantziagatik, Nafarroako Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak kudeatzeko jarduera hauek eginen ditu:

Erreserbako uraren kontrolari dagokionez:
a) Ura hilean-hilean kontrolatuko da, parametro fisiko-kimiko nagusien bilakaera ezagutzeko. Ekosistemaren erabilpena eta ur arroan erabiliriko bioziden eragina kontrolatuko dira.
b) Uraren helburua ureztatzeko erabiltzea da. Uraren maila jaits ez dadin, Vianako Udalari, urtean-urtean, ureztatzeko Ebroko uraren ponpaketak sorturiko argi gastua ordainduko zaio. Hartara, urtegiko ura erabiltzea saihestuko da.
c) Abereak edatera Erreserban sar ez daitezen, ura Las Cuevas bazkalekuraino eramanen da. Hartara, abereek florari eragiten dioten kaltea eta faunari eragiten dizkioten eragozpenak iraungiko dira.
d) Kubetaren altxatze topografikoa eginen da, haren morfometria ezagutzeko.

Habitaten zainketa eta kudeaketari dagokionez:
a) Fauna eta flora aztertuko dira eta, Natura 2000 sarean eta Nafarroako korridore biologikoen sarean sartzeko, landaredia eta haren erabilpenak baloratuko.
b) Ekosistemen egitura eta funtzionamenduaren bilakaera aztertuko da, bereziki, lurraren eta landarediaren arteko harremanak, Natur Erreserban eta inguruan ezaguturiko landare elkarte bakoitzerako.
c) Ur arroko lore azterketa zehaztua eginen da.
d) Ur azpiko eta ur gaineko landarediaren tokiz tokiko bilakaeraren jarraipena eginen da aldian-aldian, eta behar den eskalan kartografiatuko.
e) Urtero uretako hegazti negutar eta habiagileen inbentarioa eginen da, baita migrazioaren kontrol eta jarraipena ere.

Mantenimendu eta zainketari dagokionez:
a) Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua arduratuko da Natur Erreserba mantentzeaz, garbitzeaz eta zaintzeaz.
b) Inguruko landaketen bilakaeraren jarraipena eginen du (nekazaritzako jarduera mota, ingurumeneko neurriak betetzen diren, lurrak eskutik uzten diren, etab.).

Jendearendako harrerari dagokionez:
a) Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua arduratuko da jendeari harrera egiteaz, bai gizabanakoei, bai talde antolatuei, El Bordón hegazti behatokian, eta taldeei, urtegiaren inguruko ibilbidean.
b) Ingurumeneko Zaintzako langileen bidez, behatokiaz kanpoko Erreserbari buruzko argibideez arduratuko da.


Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak urtero kalte-ordain bat emanen dio Vianako Udalari, ohiko erabilpen batzuk ez egiteagatik, hala nola larreen, ureztatzeko urtegiko uraren, ehizaren, arrantzaren, lezka mozketaren probetxamenduak eta murritz litekeen beste edozein erabilpen, 9/1996 Foru Legeko 28. artikuluko 3. puntuan adierazirikoaren arabera. Urteroko kalte-ordainak ordaintzeko, baita Udalarekin batera kudeatzen laguntzeko, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eta Vianako Udalak lankidetza hitzarmen edo itunak izenpetzen ahalko dituzte.