Elezaharrak Inprimatu
Beste hezegune askoren antzera,
Las Cañas
 
Las Cañas luzaroan egon da lotua zingira ilunekin eta toki eta izaki misteriotsuekin.

Xabier Antoñana irakasle eta kazetariaren arabera, Vianako eskualdeko sorginek eta aztiek El Salobreko parajean egiten zituzten beren akelarreak antzina (egungo hegazti behatokiaren inguruan),Viana eta Logroño artean dagoen zingira zahar batetik" hurbil.

Garai hartako deskribapenen arabera, Vianako ustezko azti haiek erratzen gainean edo suge hegadunen, hontz erraldoien, basapiztien hezurduren eta bestelako garraiobide fantastikoen gainean joaten ziren akelarreetara. Gaueko hamaiketan, Vianako dultzaina- eta danbor-jotzaileak iristen ziren, neska-mutiko mordoa atzetik jarraika zutela. Horietako batzuek oilar bat eramaten zuten hanka bati lotua, eta gero oilar hori milazka baten goiko aldean jartzen zuten (egun nagusi da zuhaitz hori urtegian), egunsentia iritsi zela iragar zezan. Gauerdia iritsi baino zertxobait lehenago, trumoi batek jotzen zuen eta deabrua agertzen zen. Deabruaren eskuinaldean Bargotako Joanes aztia egoten zen, kapa ospetsua jantzita. Gorpuak irentsi, eta sorginak eta aztiak eromenezko moduan dantzatu ondotik, oilarraren aurreneko kukurrukuekin batera desagertu egiten ziren denak.

Vianan ezagun ziren sorginetako bat Endregoto zen. Andre itsua zen, eta Aguilarko kondea hil eta laurdenkatu zuen, geroago gazteago berpiztu eta hango neska gazte bat maiteminarazteko. Itxaropen horixe zuen kondeak, bere burua sorginaren gomendio utzi zuenean.
Magia egin arren, ordea, kondea ez zen berpiztu eta Endregotok bere biziarekin ordaindu behar izan zuen hilketa. Hain zuzen, Zugarramurdiko sorginak erretzera zigortu zituen prozesu berean epaitu zuten.

Gaztelako kanta batek honako hau esaten zuen Viana eta Errioxako hiriburuaren arteko inguru hari erreferentzia eginez: "En los campos de Logroño siempre anda suelto el demoño"